
Testutxo profano eta sakratuak
Izena duen guztia omen da
Erlearen sena
Pentsamendu eta zirriborro multzo handi samar bat bildu eta idatziz jarri dut. Oraingoz, azken orrazketa baten zain baino areago haiek ernarazteko moduko eguzki-printzen zain daude.
G. Ch. Lichtenberg
Jakituriaren lorategian landare mamitsuenen bila abiatu ohi da erlea. Batzutan loreen koloreak erakartzen du, baina gehienetan elikadura sendoa eskaintzen duten loreak bilatzen saiatzen da. Lorez lore egiten du horrela bere ibilbidea, erlauntzera itzuli baino lehen, sabela aseturik.
Izena duen guztia omen da
Erlearen sena
Pentsamendu eta zirriborro multzo handi samar bat bildu eta idatziz jarri dut. Oraingoz, azken orrazketa baten zain baino areago haiek ernarazteko moduko eguzki-printzen zain daude.
G. Ch. Lichtenberg
Jakituriaren lorategian landare mamitsuenen bila abiatu ohi da erlea. Batzutan loreen koloreak erakartzen du, baina gehienetan elikadura sendoa eskaintzen duten loreak bilatzen saiatzen da. Lorez lore egiten du horrela bere ibilbidea, erlauntzera itzuli baino lehen, sabela aseturik.
Erdi Aroko errusiar literaturan Erlea (Ptxela) izeneko testu bilduma bat ezagutzen da. Bertan antzinateko klasikoen aforismo, anekdota eta bestelako testu laburrak biltzen dira (Aristoteles, Plutarko eta Epikurorenak, besteak beste), eta alde horretatik aurrekoen ezaguera eta jakintza ezberdinak jasotzeko saio bezala ageri zaigu. Idazle –edo biltzaile– askoren lana izan zen ziur aski, baina denek zuten helburu bera: erlearen senak eskatzen zuen mamia aurkitu eta xurgatzea. Eztia, hau da bilaketaren emaitza, egile eta testu aukeratuen araberakoa suertatu zen: batzutan argiago eta urtuagoa, bestetan sendoago edo gozoagoa.
Aforismoena genero arriskugarria da zentzu batean behintzat. Norberarenak edo beste batenak izanik ere, testu labur horiek berehalakoan erakusten dute egile –edo biltzailearen– pentsamoldea, eta azken hau adierazteko trebezia. Bestalde, hiruzpalau lerrotan, eta maiz gutxiagotan, laburbildutako burutazioek mundua era beti sinpleegi batean aurkezteko joera ezinbestekoa agertzen dute. Egia da, hala ere, jakintsuek egindakoak diruditen gogoeta horien atzean bestelako asmo bat egoten dela: bizitzaren bazter ezkutu edo ez hain ezagunekiko gure jakin-mina piztea, gure gau luzearen ilunpean norbaitek emandako aldizkako linterna moduko bat baliran. Horregatik, oinaztargiak bezalakoak direnean gertatzen dira aforismoak arrakastatsuen: haien distira esanguratsuagoa da zenbat eta hitz gutxiagotan bizitzaren alderdi gehiago bildu (hemen kokatu beharko lirateke G. Ch. Lichtenberg, E. Canetti edo É. Cioran bezalako idazleen maisulanak).
Javier Otaolak euskaraz moldatu dituen testu –edo testutxo– hauetan aforismoak direnak eta ez direnak aurkituko ditu irakurleak. Testu laburrak dira guztiak, baina denek ez dute atsotitz izateko bokaziorik (alde horretatik, Karlos Linazasorok berriki plazaratutako bildumak baino heterogeneitate gehiago agertzen dute). Otaolaren idazlanean gogoeta landuago eta mantsoagoak nagusitzen dira, egilearen ezagutza eta interes zabalen lekuko.
Gaiak ugariak eta anitzak badira ere, edozein punturi heltzeko aukeratzen duen bidea –edo ildoa– bera dela baiezta daiteke: arrazionalitate eta liberaltasunaren arteko sinbiosi erakargarria. Pentsamendu liberalaren zutabeak arrazionalitatez aztertzen ditu, eta arrazionalitatea bera liberaltasunez tratatzen du, absolutu mota orori ihes eginez. Oinarri horietan eraikitzen da, esaterako, demokraziaren defentsa, edo tankera guztietako erlijioen –hau da, edozein sinesmen hertsiren– kritika. Baina horrek ez du esan nahi defendatutakoaren alde guztiak ontzat hartzen dituenik edo kritikatutakoaren zatiren bat behintzat bestelako ikuspegi baikorrago batetik hautemateko prest ez dagoenik: horren froga da, adibidez, dogmarik gabeko espiritualitate humanista baten alde egiten den apustua. Izan ere, arrazionalitate liberalak ez ditu absolutuak jasaten, azken batean arrazoiak berak, zenbait kasutan, sinesmen ahalegin berezia eskatzen baitu. Humanismo berreskuratu horretan errotutako anaitasun unibertsalaren bidean, egilearen mundu filosofiko eta etikotik gertu legoke G. Ch. Lichtenbergen atsotitz itxurako nahia: “Leben in fratrimonio” (Aforismoak, 398).
Leit-motiven antzera, hiritartasuna, identitatea, laikotasuna edo totalitarismoaren tentaldia azaleratzen dira behin eta berriz Otaolaren gogoetetan. Egitate hurbilak dira askotan burutazioen eragile, baina betiere pentsamenduaren testuinguru zabal baten barruan. Demokraziaren kasua har daiteke adibidetzat: bere aje, ahuldade eta inperfekzio guztiekin ere, gizartearentzat –eta gizabanakoarentzat– egon daitekeen (eta saiatu izan den) sistemarik egokiena dela iradokitzen dute hainbat testuk. Zorionez nahikoa hedatua den ikuspegi honen ispilu-irudia da Umberto Ecok instituzio demokratikoen izaera kolokan, edo zalantzan, jarri nahi izaten dutenei buruz dioena: deslegitimazio saio horien azpian beti izaten dela Ur-fascismus deritzanaren itzala.
Gizakia, bere askatasuna eta aldi berean bere alderdi soziala, testuon ildo nagusiak diren arren, bestelako gogoeta eta aipamenak ere tartekatu ditu egileak, hala nola hizkuntzari dagozkionak, batez ere euskal hitz batzuen balizko esanahi etimologikoari buruz egiten dituenak, zertzelada inpresionistez osaturiko iritziak medio. Seguruenik horien ondoan jarriko du irakurleak hizkuntzaren balioa –urtetan neurtua, demagun– eta hizkuntz jakin batean adierazten denaren balioa bereizteko egiten den zentzuzko proposamena, mundu zabalaren ikuspegitik agian zentzu handirik ez lukeena (hain da arrazoizkoa!), baina gure kultur giroan, begi-bistako diren beste hainbat gauza bezala, behin eta berriz errepikatuta ere sustraitzen zaila dena.
Oro har, testu bilduma honek sakonki hausnartua izan den pentsamendu sorta zabal bat eskaintzen dio irakurleari. Erlijiotik sexura, edo politikatik bakardadearen hazi miresgarrira jauzi eginez, Javier Otaolak bizitzaren alderdi zenbait modu aberatsagoan (edo sikiera ezberdinean) ikusteko gonbita luzatzen digu gogoeta luzeak biltzen dituzten esaldi labur eta bizkorren bidez. Egilearen konparazio deigarri bati helduz, lasai esan genezake, gehiegikerietan erortzeko beldurrik gabe, jogurtek ez bezala, hemen plazaratu dituen pentsamenduek ez dutela iraungitze-data finkorik, eta horregatik soilik merezi duela gure eguneroko bizitza arinegian testu hauek irakurtzeko tarte bat bilatzea, irakurketan emandako minutuetan garenaren eta ez garenaren berri emango baitigute, zuzenean edo zeharka, serioski edo ironiaz, baina une oro zentzuz eta aforismoaren generoari eskatu ohi zaion zorroztasunaz.
Idazleak bere erle-lana amaitzen duenean, irakurlearena hasten da. Aurrean lore anitzez osatutako lorategia dauka. Pentsamenduaren eta jakintzaren zirrikituetan nork bere bidea hartzeko aukera du, mami ezberdineko loreen artean bere hautua –erleak bezala– eginez.
Iván Igartua
2007ko uztailean
0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada